TOLOMENDI

1990tik bailarako landa garapena sustatzen

Tolosaldeako 28 udalerriei eta lehenengo sektoreko eragileen elkarlaneko emaitza da Tolosaldeako Landa Garapen Elkartea, Tolomendi.

Kideen arteko partaidetza, komunikazioa eta elkarlana sustatzen ditu, eskualdeko landa nekazaritza eremua garatzeko helburuarekin.

Tolomendiren Plan Estrategikoa

Gure egitekoak Landa Garapen Programaren barnean jasota daude. Landa Garapen Programak Euskadiko Landa-ingurunearen garapenerako 10/1998 legean du jatorria.

Proiektuak

01. Jan Tolosaldea

Proiektu bat baino gehiago den egitasmo honek, epe luzerako estrategia bati hasiera eman dio, Tolosaldean bertako elikagaietan oinarritutako elikadura sistema bat garatzen laguntzea helburu duena. Bertako elikadura sistema bat garatzeak, Tolosaldeko ekonomian, ingurumenean eta gizartearen garapenean izango lituzkeen eragin positibo eta biderkatzaileak posible egitea bilatzen du egitasmoak.

Elikadura Onaren kontzeptua lantzetik, elikadura sistema edo katea osatzen duten eragile guztien saretze bat ematetik abiatu eta batak bestearekin lan eginez, sinergiak eta efektu biderkatzaileak sortuz, katebegi bakoitza indartsuagoa egin eta elikadura sistema osoa garatzea da proiektuaren helburua.

GEHIAGO IRAKURRI

02. Eskualdeko ostatuen garapena

Eskualdeko hainbat herri eta auzoetan dauden ostatuek dituzten arazoen inguruan, zerbitzu eta eskaintza eguneratua eta ekonomikoki eta sozialki bideragarria izateko dituzten arazoak bideratu eta ostatuak biziberritzeko helburuarekin, banakako eta amankomuneko hausnarketa estrategiko bat abiatu genuen.

Ostatuek, lau funtzio nagusi betetzen dituztela ulertzen dugu, herritarrentzako sozializatzeko espazio ireki bat izatea, herriaren harrera gune irekia izatea kanpoko bisitarientzat, ostalaritzako eskaintza bat eta horri lotutako lanpostuak eta laugarrena, landa eremuan sortzen diren baserriko produktuen presentzia garrantzitsu batean oinarritutako eskaintza gastronomiko bat lantzea, landa eremuan trakzio ekonomiko funtzioa betez.

Ostatuen garapeneko proiektuak, oinarri horien gainean eskualdeko ostatuen garapena sustatzeko ekimenak bultzatzen ditu.

03. Mendiko gazta

Gipuzkoako mendietan nagusiki, baina baita beste batzuetan ere, irauten zuen praktika, udarako larretara igotakoan, mendian ardiak jetzi eta horrekin mendian gazta egiteko praktika hori, ez galtzeko, Mendiko Gazta Proiektua martxan jarri zen duela urte batzuk. Bertan Foru Aldundiak, Idiazabal Jatorri Izendapenak, Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak, Landa garapen elkarteek eta herri larreak dituzten udalek, Oñatiko Udalak esaterako, parte hartzen dute, artzainez gain, noski.

Proiektuaren bidez, Euskal Herriko Mendiko Gazta marka kolektiboa sustatu zen eta gazta hau egiteko, artzain txaboletan, gazta osasun baldintza egokietan egin ahal izateko azpiegituretan inbertsioak egiten dira. Mendiko Gaztak suposatzen duen altxor gastronomiko honek berarekin gizarteari ematen dizkion balio positibo ugari eta garrantzitsuak, ekonomiazkoak, kulturazkoak, ingurugirokoak…denboran iraun dezaten du helburu nagusia proiektuak.

04. Makinaria zerbitzuaren kudeaketa

Udaletxe gehienak eta baserri ustiapen gehienak txikiak izanik, beren beharrak asetzeko mekanizazio aukerak, makinaria egokiak konpartitzetik pasatzen dira, makinek suposatzen duten inbertsio handiagatik eta gure herri eta baserrien ezaugarriengatik, errendimentu egokienak atera ahal izateko, hauen kostuak arrazoizkoak izate aldera.

Honela, eskualdeko udal eta baserritarrei eskaintzen zaizkien makinaria zerbitzuak, BELARMENDIren bidez eskaintzen dira, horretarako sortutako zerbitzu profesionala izanik. Hala, bide bazterrak garbitzeko desbrozadorak, lur mugimentuak egiteko makina txikiak, enzintadorak, segadorak , rotoenpakadorak , ereitekoak, artoa biltzeko makinak… bezalako makinaria zerbitzuak emanez, udalen artean eta baserritarren artean, partekatutako proiektu baten lanketa sustatzea da proiektu honen helburu nagusiena.

Interesatuek deitu dezatela Belarmendira (943.69.12.50 / 647.603.205)

05. Baratza haztegia

Eskualdean, baratzegintzan formazio teorikoa  izan baduten, baina formakuntza praktiko nahiko ez duten ekintzaileentzako baratze haztegiak eskaintzen dira.

Proiektuak etorkizuneko baratzegile profesionalak prestatzea du helburu, horretarako azpiegitura egokiak eskainiz, Tolosako Santa Lutziko soroetan. Proiektua, Tolomendi, Tolosako Udala, Fraisoro Eskola eta Gaztenek bulegoaren artean  bultzatzen dugu.