Promover a traves de la alimentación

Promover a traves de la alimentación

Tolosaldeko 12 herrik ‘Jan Tolosaldea’-rekin egin dute bat eta hortik abiatuta, ‘Nirea’ programara atxiki dira.

Jan Tolosaldea ekimenak hainbat lan ildo ditu, eta horietako bat da ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko ezagutza bultzatzearena. Bertan ekoitzitako produktuak kontsumitzeak ekoizleei egiten baitie mesede, noski, baita eskualde osoari ere; bertako ekonomia, ekoizpena, ingurugiroa… bultzatzen baitu.

Tolomendiren Jan Tolosaldea ez da ekimen berria, baina urrats garrantzitsua eman du eta mugarria jarri du; eskualdeko 12 herrik egin dute bat ekimenarekin. Amasa-Villabona, Abaltzisketa, Alegia, Asteasu, Anoeta, Aduna, Berrobi, Berastegi, Tolosa, Ibarra, Orexa eta Zizurkil dira herri horiek, eta pasa den astean bildu ziren Tolosako Topic zentroko areto nagusian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin batera. Izan ere, Jan Tolosaldea-tik abiatuta Eusko Jaurlaritzaren Nirea akordioarekin ere egin dute bat. Jan Tolosaldea-k, era berean, Tolosaldeko Elikadura Onaren Plangintza osatzen du.

Hau guztiaren berri emateko ekitaldian elikadura jasangarria izan zuten hizketagai hainbat ikuspuntutatik. Han bildu ziren aipatu herrietako udal ordezkariak, Tolomendiko kideak eta baita Iñaki Labaka Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Orekarako zuzendaria eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere. Guztiek nabarmendu zuten lehen sektoreak duen garrantzia eta guztiek elkarlana aipatu zuten. Eta hain justu, ekitaldia izan zen elkarlan horren lehen pausoa. «Bertakoa jatea ezinbestekoa da eta horretara heltzeko neurriak hartu behar dira, neurri zehatzak, horretan gaude gaur, neurriak zehaztu eta eragileen arteko elkarlana sustatzen», esan zuen Olatz Peon Tolosako alkateak.

Tolomendiri dagokionez, Iker Karrera arduradunak, 12 udalerrien konpromisoa nabarmendu zuen. «Lehen sektorea bultzatzeko eragitea ezinbestekoa da eta Jan Tolosaldea zein Nirea beharrezkoak dira bide horretan», esan zuen. Konpromisoak egunerokotasuneko ekintzekin gauzatzen direla ere esan zuen. «Landa eremua eta hiria lotuta daude eta Tolomenditik 12 udalerriekin ekintza zehatzen bidez eragin nahi dugu», gaineratu zuen. Tolomendiren helburua, dena den, proiektua herri gehiagotara zabaltzea dela esan zuen.

Elkarlana eta konpromisoa ez ziren izan bertan aipatutako ideia bakarrak, oreka, jasangarritasuna eta kalitateko produktuak ekoitzi beharraz ere hitz egin zuten. Zentzu horretan Iñaki Labakak bezeroei kalitateko produktuak eskaini beharraz aritu zen. «Aldundiaren zeregina da horretan eragitea», esan zuen. «Jan Tolosaldea tokian tokikoa kontsumitzeko abiapuntua izan daiteke».

Bittor Orozek berriz, Nirea-ren berri eman zuen eta gogoratu garrantzitsua dela gizarteari azaltzea zergatik den ezinbestekoa lehen sektorea herri txikietatik indartzea. «Kalitatea, paisaia, identitatea eta bioaniztasuna gordetzen laguntzen du», esan zuen. «Ezin dugu ahaztu landa eremuak eta lehen sektoreak zer ematen dion gizarteari», gaineratu zuen.

‘Nirea’

Nirea akordioa 2014. urtean abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, HAZIrekin elkarlanean. Helburua Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarrak landa nahiz itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa sustatzea izan zen eta da. Garapen elkarteak dira akordioaren sustatzaileak eta hortik abiatuta, abiarazi zuen Tolomendik Jan Tolosaldea proiektua. Eskualdeko Elikadura Onaren Plangintza osatzeko helburuz abiarazi zuen proiektua eta garapen etengabea izatea du helburu. Nolabaiteko aterki bat izan nahi du, eskualdeak gai hauek ikuspegi bateratu eta koordinatu batean garatzeko.

Jan Tolosaldea proiektu anbiziosoa da, berebiziko garrantzia duena eskualdean eta hor barnebiltzen ditu Tolomendik bere egiten dituen hainbat betebehar: elikadura babesteko landa ingurunea babestea, eskualdeko elikadura sistema eraldatzeko saiakera irmoa, ekoizleentzat merkatuak gehitzea, elikadura parte diren eragile ezberdinen arteko elkarlana, bertako elikagaien sustapena eta euskal kulturaren zati den elikadura aniztasuna babestea.

Dokumentala

Lehen aurkezpena eginda ekitaldiak dokumental baten emanaldiarekin jarraitu zuen. Bertan bildutakoek Sustainable Eating ikusteko aukera izan zuten. Espainiako Dietista-Nutrizionisten fundazioak elikadura, kontsumo ohitura eta ekoizpen moduen inguruko hausnarketara bultzatzea helburu duen dokumentala da.

Hori bukatuta mahai ingurua ere izan zen eta bertan Jan Tolosaldea bezalako ekimenek izan lezaketen eraginaren inguruan aritu ziren besteak beste, Aitor Usabiaga Asteasuko zinegotzia eta abeltzaina, Arantxa Garaiburu Larte Gaztandegiko eta Lasarbi Elkarteko lehendakaria, Giuseppe Rusolillo Espainiako Dietista eta Nutrizionisten Elkargoko lehendakaria, Asier Arrese HAZIko zuzendaria eta Iñaki Labaka bera.

Mahai inguruan dokumentalaren egileak, Rusolillok, lana «probokatzailea» dela onartu zuen eta elikaduran ingurunearen kontzeptua zaindu beharraz hitz egin zuen.

«Elikadura orekatua behar dugu, eta batez ere, bertako produktuak kontsumitu behar ditugu, horrek inguruari mesede egiteaz gain, ekoizleei, ingurugiroari… egiten baitio mesede, gure osasunean ere badu eragina, noski», esan zuen.