2019ko ARTILE BILKETA

2019ko ARTILE BILKETA

 

Latxa ardiaren artilea azken urteetan arazo bihurtu da artzainontzat. Horri lotuta jakin beharrekoa da, artileak, Europako legedien baitan Sandach 3 izendapena daukala, eta horregatik, bere kudeaketa legez araututa dauden baldintza batzuetan egin behar da. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren 60/2012 Dekretuan jasotzen diren baldintzak bete behar dira  garraioan, bilketan, trazabilitatea …

Etxean konposta eginez edo artile erosle baten bidez bideratu ezin duten artzainentzat, bilketa zerbitzu bat antolatzekotan, ezinbestekoa da legearen baldintzak beteaz egitea eta artzainari artilearen kudeaketa ondo egiten ari denaren bermeak ematea. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, nekazaritzako sindikatuak, zabor mankomunitateak eta Landa Garapeneko elkarteak gaia aztertu eta hainbat buelta eman ondoren, legearen baitan Gipuzkoan artilearen kudeaketa egiteko baldintzak finkatuak izan dira aurtengorako.

Bilketa zerbitzua, Sandach 3 izendapenak kudeatzeko  baimenduta dauden  enpresen bidez egin behar da, kasu honetan Gipuzkoako Belauntza herrian egoitza duen Cortes enpresaren bidez izango da. Honek, artileak jaso eta Nafarroako Artaxonan dagoen konpostatze planta batetara garraiatuko ditu.

 

Zer egin behar duzue  artzainok?

1- Artzainok artilea Asteasuko Agroaldera eraman beharko duzue, zakuetan sartuta. Komenigarria  Big-bag edo zaku handietan sartuta eramatea. Zaku txikietan eramanez gero, han plantan zaku handietara pasa beharko dituzue (Zaku handirik ez baduzue, bertan emango dizkizuete).

2- EZ AHAZTU TXARTEL BERDEA edota ESPLOTAZIO KODEA eramatea. 100 arditik gora dituzten artzainek KONTU KORRONTE zenbakia eraman beharko dute.

 

Noiz eraman dezaket artilea almazenera?

Eskualdeko artzainei eskutitz bat iritsiko zaizue zuen etxeetara zehaztasun guztiekin. Tolosaldeko artzainen kasuan, URRIAREN 15etik 31ra bitarte eraman ahalko duzue, goizeko 8etatik arratsaldeko 6ak arte, astelehenetik ostiralera.

 

Zenbat ordaindu beharko dut?

Kostua 0,115€/kg + %10 BEZ izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak artile bilketaren kostearen %50a lagunduko du Landaolaren bidez.

 

Nora jo dezaket zalantzak argitzeko?

Edozein zalantza izanez gero, deitu lasai Tolomendira (943655097) edota tolomendi@tolomendi.eus helbidera idatzi.